XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. Adjektibo sintagma: Izenlagunak

6. kapitulua:

ADJEKTIBO SINTAGMA: IZENLAGUNAK

6.0. Sarrera

- Izenlagunak dira izen sintagmaren muina den izenari laguntzeko erabiltzen ditugun bigarren mota osatzen duten adjektiboak.

Adjektibo hauek -en edo -ko kasu markak dituzte eta izenaren ezkerreko partean paratzen ditugu:

(1) herriko jaiak/(2) Koldoren etxea

Ikusten denez, kasu markak erabiltzen ditugu hemen, baina adizlagunen kasuan ez bezala, oraingo honetan kasu marka honek bi izen jartzen ditu harremanetan edo, hobeki esan, izen bat beste batekin lotzen du atzizki horien bidez.

Adizlagunen kasuan, ordea, izen sintagmak hartzen duen atzizkiak izen sintagma horren eta aditzaren arteko erlazioak segurtatzen ditu:

(3) [Koldoren etxea] ederra da